Berria – Corine Cella eta Ander Fernandez: «Guk ez dugu ikuslea harritu nahi: poesia egin nahi dugu» – Urko Iridoy Alzelai

2023 Abe 21

«Dantza, zirkua, eta musika» : horrela deskribatu dute Corine Cellak (Aix-en-Provence, Okzitania, 1976) eta Ander Fernandezek (Donostia, 1981) Rouge Elea konpainia. 2003an sortu zuten egitasmoa, Hendaian (Lapurdi). Cellak sortu zuen, zirkua eta dantza oinarri hartuta, eta musikariak batu ziren ondoren, Fernandez haien artean. Hogei urte bete berri ditu konpainiak aurten, eta herri hartako Borderline Fabrikan ospatu zuten urteurrena, abenduaren hasieran.

Pailazorik eta karparik aurkitu daiteke zuen zirku ikuskizunetan?

CORINE CELLA: Pailazoak, karpa koloretsuak eta horrelakoak irudikatzen ditu jendeak zirku hitza entzutean, baina gurean ez da halakorik. Zirku garaikidea egiten dugu guk, dantza garaikidearen antzekoa, baina zero eta hamar metro arteko garaieretan; hau da, aireko dantza. Hiru dimentsioko dantza egiten dugula esan daiteke. Guk ez dugu ikuslea harritu nahi: poesia egin nahi dugu.

Harreman estua duzue Hendaiako Borderline Fabrikarekin, ezta?

CELLA: Hala da. Azken bi hamarkadetan, leku askotan ibili izan gara: Bruselan, Marseillan [Frantzia], Parisen... gure ikuskizunak prestatzen, entseatzen eta egiten. Baina duela bi urte inguru ireki zuten Borderline Fabrika, Hendaian, eta gaur egun bertan egiten ditugu entseguak. Rouge Eleak zerikusi handia izan zuen Borderline irekitzean.

Zerk eman zion hasiera Rouge Eleari?

CELLA: Konpainian, nire lehenengo ikuskizunak errudun nagusi bat izan zuen: zuhaitz bat. Zuhaitz batetik zintzilikaturik egindako ikuskizun bat izan zen, Calao izenekoa. Harrezkeroztik, milaka zuhaitz erabili ditugu.

ANDER FERNANDEZ: Calao-rekin batera sortu zen Rouge Elea, momentu berean.

Zuhaitzak ere konpainiako kideak dira, ala?

CELLA: Oinarri oso garrantzitsuak dira. Zuhaitzetan nire aireko dantzak egitean, askatasun handia sentitzen dut, beste inon aurkitzen ez dudana. Jada lau ikuskizun egin ditugu zuhaitzekin.

Borderline Fabrika barruan baduzue zuhaitzik?

CELLA: Ez. Metalezko estruktura batean egiten ditugu entseguak, zazpi metroko garaieran. Jada nire lagun mina bihurtu da [barrez].

Musikak protagonismo berezia dauka zuen konpainian?

FERNANDEZ: Ez. Rouge Elean beti dantza, zirkua eta musika bateratu izan dira, batak bestea osatzen baitu. Ikuskizun eta proiektu askotarikoak egin izan ditugu azken hogei urteetan; batzuek garrantzi handiagoa ematen diote musikari, baina ez osotasunean.

CELLA: Gainera, musika beti zuzenean izan dugu. Zuzeneko musikak bikote ederra osatzen du dantzarekin, eta, zuhaitzak bezala, askatasun handiagoa ematen digu sortzerakoan.

Nolakoa da ikuskizun bat sortzeko prozesua Rouge Elean?

FERNANDEZ: Normalean, bi urte pasatzen ditugu ikuskizun bat prestatzen. Hogei urteotan zortzi ikuskizun egin ditugu. Bi urte horietatik ia erdia ikerketan ematen dugu. Corinek gai bat proposatzen du, eta, hortik abiatuta, gai hori aztertzen dugu ikuskizuna sortzeko. Horretarako, hainbat tokitan egonaldiak egin behar izaten ditugu. Gure ikuskizunak kalean egiten ditugu gehienbat; beraz, eguraldia faktore garrantzitsua da. Horregatik, apiriletik urrira artekoak izaten dira gure denboraldiak.

CELLA: Gure ikuskizunek, sarritan, emozio asko sortzen dituzte ikusleengan. Horregatik da hain garrantzitsua gure ikerketa prozesua. Aztertu, pentsatu... Gaia ondo jorratzea dugu helburu, ikusleak poesia ikus dezan.

Inprobisazioak badu lekua zuen ikuskizunetan?

CELLA: Bai. Dena idatzita dago, baina batzuetan denbora luzatzeko ahalmena dugula sentitzen dugu, eta inprobisatzeko momentuak sortzen ditugu. Gure artean konexio handia dugu, eta badakigu nola jokatu.

FERNANDEZ: Guk kalean egiten dugu lan normalean, eta emanaldia noiznahi alda dezaketen hainbat faktore daude han. Nik nire partiturak ditut buruan, baina, era berean, asko gozatzen ditut momentuan sortzeko uneak.

Abenduaren 2an ospatu zenuten konpainiaren 20. urteurrena.

FERNANDEZ: Bai, Borderline Fabrikan ikuskizun festa oso berezia izan genuen. Jende asko gonbidatu genuen, 2003. urtetik bidelagun izan diren pertsona asko. Ospakizun bat izan zen. Ikuskizun txiki bat egin genuen, eta, ondoren, zuhaitz bat landatu genuen Borderlineren parean. Festa handi batekin bukatu genuen.

CELLA: Oso polita izan zen. Konpainiaren ibilbideko jende asko etorri zen, eta haien artean inprobisazio bat eskaini ziguten: opari eder bat, ahaztezina.

Gehiago irakurri

Antxeta Irratia – ROUGE ELEAK 20 URTE – Koldo Nausia

2023 Aza 29

«Arnas moteleko konpainia bat gara, errealitatea sakon ikertu eta liseritu ondotik taularatzen ditugu ikusgarriak»

Rouge Elea zirku konpainiak 20 urte bete ditu aurten. Eta horren ospatzeko besta antolatu dute Borderline Fabrikan larunbatean 16:30etatik aurrera. Konpainiako Ander Fernandez artista izan dugu Goizeko Kafean gonbidatu bi hamarkadaotako ibilbideaz mintzo. Ikerketa antropologiko eta zientifikoa egin ohi dute euren ikusgarrien sormen artistikoarekin hasteko oinarri gisa.

2003an Corine Cella-k sortu zuen konpainia, eta zirku formakuntza duen dantzaria izanik, urte gutxi batzuk berantago Ander Fernandez batu zitzaion proiektura. Honek aitortu digunez, “arnas motel baina sakoneko” konpainia bat izan da dituen lan moldeengatik. Izan ere, ikusgarri bakoitzaren plateamenduan, landu nahi duten gaiari buruzko adituekin, eta tokian-tokiko herritar zein eragileekin lanketa bat egiten dute. “Ikerketa antropologiko moduko bat egiten dugu, gaiaren mamian sakondu eta gero hori liseritzeko prozesua egiten dugu”, argitzen du Rouge Eleako eramaileak.

Hori dela eta, Calao aurreneko ikuskizuna sortu zutenetik, 20 urteotan 8 ikusgarri baizik ez dituzte sortu. Haien artean,  à la poursuite du vent (emakumeen ikuspegitik emandako abenturari buruzkoa), Biutz (2012an mugen inguruan hausnartzen duen bideo, zirku-dantza eta musika sorkuntza) edota 2014an Ronde-Bi ahizpa (anaitasunari buruzkoa), besteak beste.

Une honetan, aldiz, zuhaitzak eta naturaren sustraiak oinarri dituen obra artistikoa lantzen ari dira. Saxifraga izeneko porlanean hazitzen diren loretxoak ditu hizpide, eta "gizakiaren irauteko gaitasunari buruz zer paralelismo egin daitezkeen" aztertu nahian ari dira Saint Ettieneko biologoekin batera. Hendaiako adituekin ere ariko dira aurki. Izan ere, “giza-semearen sustrai eta adarrak, hala nola hegoak non kokatzen diren, zein azal duten ulertzen” saiatzen da konpainia bere lanen bidez. Eta horretarako eskura dituen tresna guztiak ikertu eta lantzen ditu.

Zentzu horretan ere, bere sorreratik zer motako konpainia den zehazten ez dute asmatu. “Zirku konpainia bat gara berez, baina dantzatik eta antzerkitik ere badu, gizarte honetan gauzak beti klasifikatu beharretan gaude, baina konpainia hibridoa dela esango nuke”, aitortu digu Ander Fernandez artistak. Izan ere, euren ikusgarri eta performancetan gorputza, hitza, musika, eta batez ere begirada baliatzen dutela esan digu.

20 urteko besta

Hain justu, Rouge Elea konpainiaren performance batekin abiatuko dute larunbatean, Borderlina Fabrikan antolatu dute gaualdia. 16:30tan aurkezpena egin ondoan, Ez gaude hemen ikusgarria proposatuko dute Ander Fernandez eta Corine Cellak berak. Eta ondoren, euren ibilbidean topatu dituzten artista eta bidelagunei haien ekarpenak egiteko aukera eman nahi izan diete. Haien artean Kukai dantza taldeko Eneko Gil, edota Paxkal Irigoyen, Maitane Azpiroz, Amaia Elizaran, Patrice Teysseyre, Julie Peters… artistek parte hartuko dute euren proposamen artistikoak eginez. Kabaret moduko gaualdia izango dela iragarri dute, anitza.

Bestalde, txipiroi tinta serigrafía atelierra egonen da ere, Idoia Beratarbideren eskutik. Bukatzeko DJ saio batzuekin besta eginen dute.

OHARRA: Erreportaia hau ekoizteko erabilitako musikak Ander Fernandez berak sortutako obrak dira. Denak hemen entzungai dituzute copyleft.

Gehiago irakurri Gehiago irakurri

Gazte eta helduekin mediazio ekintzetan ari da Rouge Elea konpainia

2016 Aza 19

Rouge Elea konpainia "Ceci est la couleur de mes rêves" obraren prestaketetan dabil buru belarri. Azken aste hauetan haien lana aurkeztu dute Errenteriako Niessenen, Antzerkilabe gunean egindako mediazio saioetan. Bertan, sorkuntza prozesua azaldu eta iritzi ezberdinak jasotzen ari dira.

Gehiago irakurri

(EU) Rouge Elea DSS2016

2015 Uzt 15

El programa de artistas en residencia Aterpean, creado por el festival transfronterizo Dantza Hirian, acogerá durante el mes de julio y agosto a las compañías Organik y Rouge Elea para la creación de dos nuevas obras de danza en espacios urbanos.

Gehiago irakurri

(EU) Artículo en Deia

2015 Uzt 14

El periódico DEIA publica un artículo sobre Rouge Elea.

Gehiago irakurri

(FR) Mugalariak – EITB

2014 Apr 03

Reportaje en EITB sobre el proyecto Mugalariak.

Gehiago irakurri