Rouge Elea konpainiak mediazio lan ugari egin du, iparraldeko eskola eta erakunde ezberdinekin elkarlanean batez ere. Konpainiaren ikuskizun ezberdinen inguruan formatu ainitzetako interbentzioak eraman dituzte aurrera bertako artistek.

Mediazioa gure lanaren puntu oso garrantzitsutzat daukagu, alde batetik gure lana publikoarekin kontrastatzeko modu berezia baita eta bestaldetik bestelako erlazio horretatik arteari hurbiltzeko modu interesgarria delako. Mediazioa bi norabideko esperientzia bezala ulertzen dugu, alde batetik gu elikatzen gaituelako eta bestetik ezinbesteko jotzen dugun transmisio lana egiten dugulako. Artistaren desmitifikazioa ere interesgarri iruditzen zaigu. Haren lan egiteko moduak eta ageri ez diren alderdiak gizarteratzeko tresna bezala garrantzitsua da mediazioa.

Batetik publikoarekin gertatzen den hartu emanak motibatzen gaitu. Bi norabidekoa bihurtzen da gure lana eta bestaldeko horrek elikatu egiten gaitu. Publiko berriak sortzeko, proposamen artistikoak gerturatzeko tresna ezinbestekoa zaigu ere. Arte forma ezberdinetara, ikuskizun bakoitzean aurki daitekeen diziplina bakoitzera edo eta gai konkretu batetara gerturaketa egiteko bide zuzena deritzogu mediazioarena. Horrek guztiontzako kultura bat sortzeko bidea jorratzen duelakoan, banakoaren espresiobideak landu eta zabaltzeko baliabide beharrezkoa den artearen ateak irekitzen zaizkie haur edo helduei. Espresio pertsonala eta haren bide ezberdinen normalizazioa eman behar da.